Kaixo irakurle!
Gaur, nahiko egun aztoratua
bizi dut eskolan. Berez, eguna beti bezala hasi da; altxatu, gosaldu eta eskolara
abiatu naiz. Astelehena zenez, lehenengo pisura joan naiz, hor baitago Pedagogo
Terapeutikoaren gela. Horraino dena ondo joan da, baina, gero 4 urteko gelara
jaitsi behar ginen eta atea jotzean konturatu gara ezin genuela ireki. Oso
arraroa iruditu zait eta irakasleak atea ireki duenean harrituta gelditu naiz!
Izan ere, Ukrainatik ikasle berri bat etorri da eta dena jotzen zebilen,
armairuak, mahaiak, materiala, baita andereñoa ere. Hasiera batean, pixka bat
geldituta geratu naiz, ez nekielako zer esan baina ondoren, egoera ulertu dut.
Haurra etorri berria da, eta ez daki ez gaztelania, ez euskaraz hitz egiten.
Oso galduta zegoen, eta bakarrik amatxorekin egon nahi zuen. Baina, ezin zuenez
hitzaren bitartez esan, dena jotzen eta apurtzen zuen. Hori dela eta,
irakasleak eskatu digu beste momentu batean etortzeko. Lasai, gero irakasleari
galdetu diot zer moduz joan den eta esan dit haurra pixka bat lasaitu dela,
baina bihar ez dakit nola erreakzionatuko duen… Ikusiko dugu!
Egoera hau bizi eta gero,
berriz, gure gelara igo gara eta materiala prestatzen hasi gara. Irakasleak eta
biok pentsatu dugu “Oca” joko bat egitea, baina bi bitxikeriekin. Alde batetik,
gure intentzioa da jokoa oso handia egitea eta fitxak egon beharrean, ikasleak
fitxak izatea. Eta bestetik, hizkuntza eta matematika lantzeko, laukiak
zenbakiekin, hitzekin eta letrekin beteko ditugu. Beraz, ideia guztiak batu
ondoren, prestatzen hasi gara. Bukatzen dugunean, erakutsiko dizuet!
Ondoren, laugarren mailara igo
gara eta beste egoera berri batekin aurkitu naiz; izan ere, gela horretan beste
bi ikasle berri zeuden. Normalean, klase horretan ikasle batekin egoten gara,
baina gaur, ezberdina izan da. Ni ikaslearekin gelditu naiz ariketa batzuk
egiten, eta beste irakaslea, aldiz, beste bi ikasle berriengana hurbildu da.
Ikasle bati gustura ikusten zitzaion; hau da, nahiz eta pixka bat galduta egon,
beste klasekideekin hitz egiten zegoen. Orduan, Pedagogo Terapeutikoak ikusita
ez zekiela klaseko ariketak egiten, gaztelerako eta matematikako oinarrizko
ariketak jarri dizkio, bere maila zein den jakiteko. Nire irakasleak esan dit
Hondurasetik datorrela, eta orokorrean horko maila nahiko kaskarra izaten dela;
beraz, uste dut, haur honek beste mailetako materiala erabiliko duela momentuz.
Hala ere, hau ez da bakarra izan. Bat-batean, beste ikasle berria negarrez hasi
da; hasieran, ez nekien zergatik. Egia esan, oso isila zegoen eta ez zuen
inorekin hitz egiten eta gero konturatu naiz hau ere Ukrainatik etorri dela. Oso
beldurtuta eta galduta zegoen, ez zuelako ezer ulertzen eta etxea joan nahi
zuen. Saiatu naiz berarekin ingelesez hitz egiten eta pixka bat ulertu eta hitz
egin dit, baina oso blokeatuta zegoen, beraz, bere denbora behar zuela pentsatu
dut. Seguraski, irakasleak hizkuntza
irakasten hasiko dira.
Beraz, ikusten duzuenez,
nahiko egun luzea eta arraroa izan da, baina etorkizun batean bizi dezakedan
egoera da, eta honen aurrean erantzun bat ematen jakin behar dut.
Ondo izan irakurle!
No hay comentarios:
Publicar un comentario